Ostiral honetan, irailak 28, aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean "Euskal Herriko Pegatak 2 (1980-1989)", Euskal Memoria Fundazioaren bederatzigarren lan monografikoa. Ekitaldian hitza hartu dute Iñaki Egañak, Euskal Memoriaren presidenteak; Pablo Salgado Méndezek, lanaren kordinatzaileak; Xabier Arginzonizek, Euskal Herriko Pegatineroen Elkartearen ordezkariak eta Ricardo Gonzalez de Duranak, pegatinen munduan adituak eta bertsolariak. Egañak esan du fundazioa 2009 urtean sortu zela eta urtez urte lan monografiko bat eskaini diola Euskal Herriko gizarteari. Tortura, erbestea, euskara, gerra zikina edo frankismoa, besteak beste, izan dira liburuen gaiak orain arte eta hurrengo lana itzela izango da, Egañaren ustez, Euskal Herriko presoen egoerari buruzko liburu bat.
Egañaren hitzaldiaren ondoren Pablo Salgadok, lanaren koordinatzaileak, hartu du hitza. Lehenik eskerrak eman zizkion Iñaki de Nicolasi eta Jabi Ubiernari, liburuaren koeditoreak. Salgadoren aburuz, Nicolasen pegatinen bilduma oso garrantzitsua izan da liburua osatzeko. Sancho el Sabio Fundazioak eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioak parte hartu dute ere proiektuan eta hainbat bildumazaleek gehitu dituzte euren pegatinak proiektua hobetzeko. Salgadok esan du bi modu desberdinetan ikusi dezakegula liburua, urtez urte, hilabetez hilabete, kronologia moduan, edo gai baten edo besteen ikuspuntutik. Azkenik, Salgadok gehitu du hemeroteka sozial bat dela proiektua eta etorkizunean beste liburu bat argitaratuko dutela, pegatinen bilakaera ondo ezagutzeko.
Xabier Arginzonizek kudeatu ditu Gipuzkoako pegatinen biltzaileen ekarpenak eta aipatu du Euskal Herriko Pegatineroen Elkartea hor dagoela, pegatinen zaleei laguntzeko. Ekitaldia bukatzeko, Ricardo Gonzalez de Duranak pegatinei buruzko bertso batzuk bota ditu. Hemen ipini dugu Ricardoren arteaz gozatzeko.
Atzera begirakoaren kontakizuna erakitzeko pegatinek duten garrantziaz jakitun, horien bilduma egiten dihardute zenbaitek; tartean dira Euskal Herriko Pegatineroak taldeko kideak. Eta euren zeregina ez da batzera mugatzen, pilatutakoa ikusgai ere jartzen baitute tarteka..
Bada, asteon, Oñatiko Antixena gaztetxean jarri dute erakusketa; domekara arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Hain zuzen, 80ko hamarkadatik gaur arteko pegatinak aurki daitezke bertan: Euskal Herriko alderdi ezberdinek egindakoak, gizarte eragileenak...